Sarrerak erosi

Menua

Bideoa ez ikusi

HITZAURREA

205. aretoa

 

Nola begiratzen diogu Afrikari? Nork begiratzen dio nori? Cyrus Kabiru artista kenyarraren betaurreko-eskulturak metafora sendoa dira, gaur egun behar-beharrezkoa den ikuspuntu aldaketarena. Atal honetan, kontinentearen inguruko aurreiritziei aurka egiteko, estereotipoak eta Afrikaren gaineko ezjakintasuna jorratzen duten lanak daude; adibidez, ohartzen al gara Afrikaren tamainaz? Era berean, atal honetan kontinentea nola irudikatzen den aztertzen da. Nork hitz egiten du Afrikari buruz? Nola? Menderik mende, Afrikari begiratzeko modua Europako esploratzaile eta misiolariek zehaztu dute, haiek bidalitako kroniken bidez. Are gaur egungo Afrikaren inguruko informazioa aurkezteko modua –ustez datu objetiboei baino ez bide dagokiona– sarritan klixeetan oinarrituta dago, eta, beraz, interpretatzeko eskubidea ahalbidetzen du. Atal honetan diseinatzaile grafikoek Afrikari buruzko informazioa aurkezteko baliatutako hainbat molde daude; bestelako taxutze horiek kontinentearen beste ikuspegi bat, argiagoa, sorrarazten laguntzen dute.

Lehoiek haientzako historialariak izan arte, ehizaren inguruko ipuinek beti goretsiko dituzte ehiztariak.

Chinua Achebe, idazle nigeriarra, The Paris Review aldizkarian elkarrizketa, 1994

"Lehoiek haientzako historialariak izan arte, ehizaren inguruko ipuinek beti goretsiko dituzte ehiztariak."

Cyrus Kabiru: Betaurreko txundigarriak (C-Stunners)

Eskulturako betaurreko erabilgarriz osatutako Cyrus Kabiru artista kenyarraren Betaurreko txundigarriak (C-Stunners) serieak artearen, interpretazioaren, modaren eta diseinuaren arteko mugak lausotzen ditu. Nazioartean goraipatutako serie honek hainbat arlo lantzen ditu, eskulturetatik hasi eta pintura eta argazkietaraino. Lan hauek mezu eta esanahi partekatu baten bitartez lotuta dauden istorio bitxiak kontatzen dituzte.

Eskultura bakoitza artistak inguruan aukitutako hondakinez sortu du, besteak beste, torlojuak, kableak, koilarak eta botila-txapak erabili ditu. Kabiruk objektu horiek bildu eta beste objektu bat egiten du. Objektu hauei bigarren aukera emanez, Kabiruk eraldatzeko eta berrerabiltzeko ahalmena baliatzen du, zaborra bera sormen-lan baten oinarri gisa erabiltzeko materiala dela defendatzeko. Maila abstraktuan, bere eskulturek beste eraldaketa mota bati buruz hitz egiten dute. Betaurreko harrigarri pare bat jantzita errealitatea beste ikuspegi batetik ikusteko aukera dugu. Izan ere, betaurreko pare batek ikusmena zenbat estutu edo enfokatu dezakeen eta, beraz, munduaz dugun ikuspegia zenbat zehaztu dezakeen gogoratzen digu. Betaurreko txundigarriak serieak Afrikaren inguruan izan ohi dugun ikuspegi mugatua azpimarratzen du. Betaurreko pare bat bazterrean uztea baino zailagoak diren aurreiritziz zipriztindua dago ikuspegi hori.

Cyrus Kabiru
Karibeko eguzkia (Caribbean Sun)
Betaurreko txundigarriak (C-Stunners) sailetik, 2012
Koloretako inprimaketa
150 x 100 cm
© Carl de Sauza/AFP/Getty Images

Ikiré Jones: The Untold Renaissance

Ikiré Jonesen The Untold Renaissance moda-bildumako poltsikoko zapiz osatutako serie honek XVIII. mendeko tapizak eta ehunak omendu nahi ditu.

Hala ere, markaren diseinu-buru den Walé Oyéjidé-k historian zehar ehunetan larruazal beltzaraneko pertsona gutxi agertzen direla kritikatu nahi du. Eta, hip-hop estiloa erabiliz, banakako lanak berregiten ditu eta testuinguru atzerritar honetan ipintzen dituen afrikarren ikuspegitik irudikatzen ditu. Irudi berri hauetako batzuek beste postura batzuk hartzen dituzten bitartean, beste batzuek aurreko pertsonaiak eta hauen funtzioak ordezkatzen dituzte, ohartarazi gabe narratiban murgilduz. Artistak ez ditu ez suntsitzen ez aldatzen eszena hauek kontatzen dituzten istorioak, besterik gabe beste dinamika bat ematen die. Iraganaren zeharkako ikuspegi honek ikuslearen ikusteko ohiturak erabat apurtzen ditu, irudikapen historikoen absolutismoari eta pertsonaien larruazalen kolore diferenteek gogoratzen duten alienazio-sentimenduari buruzko esperimentu zuhurrei eta ikuspegi berriei lekua zabalduz.

Ikiré Jones
The Madonna
2014ko udaberri/udako The Untold Renaissance
bildumakoa, 2014
Sakelako zapia: artile eta zeta nahasketa
42 x 42 cm
Vitra Design Museum
© Walé Oyéjidé [ikirejones.com]

Nikolaj Cyon, Alkebu-Lan 1260 AH

Afrikako mapa politikoak zein itxura izango luke europarrek kontinentea kolonizatu izan ez balute?

Nikolaj Cyon artista suediarrak galdera honi erantzun nahi dio bere Alkebu-Lan 1260 AH maparen bidez. Alkebu-Lan Afrika izendatzeko antzinako izen arabiarra zen, eta “beltzen lurra” esan nahi du. Artistak, ikerketa historiko baten ondoren, osatutako mapan Afrikako herrialdeak, mugak, hiriburuak eta beste erreferentzia garrantzitsu batzuk erakusten ditu. Baliteke pertsona-talde batzuk herrialde edo izen jakinekin identifikatzea, eta herri batzuk existitu dira edo gaur egun oraindik existitzen dira. Baina Cyonen mapan mugak eta lurralde jakin batzuei lotutako biztanle-taldeak fikziozkoak badira ere, bertako edukiaren zehaztasunak eta aurkezpenaren egiazkotasunak eskolako atlasa ikasiz hazi den edozein europar engainatzen dute. Alkebu-Lan 1260 AHk galdera asko egiten ditu: “Nazio”, "estatu”, “herri” edo “muga” kontzeptu europarrak Afrikako errealitatean aplika daitezke? Europar estandarretara murrizten saiatuz entitate politiko afrikarrak kaltetzen ari gara? Europarrarentzako geografia politiko ezagunagoarekin adieraziz gero, Afrikaren historia independentea seriotasun handiagoz hartuko litzateke? Ikusleek euren erantzunak aurkitu behar dizkiete galdera hauei. Ondorioak edozein direla ere, gauza bat argi dago: Cyonek buruz behera jarri du Afrikaren pertzepzioa.

Nikolaj Cyon
Alkebu-Lan 1260 AH, 2011
Posterra
118,9 x 84,1 cm
© Nikolaj Cyon