Sarrerak erosi

Menua

Bideoa ez ikusi

HITZAURREA

208. aretoa

 

Zer da diseinua? Zer da Afrika? Eta zer da Afrikako diseinua? Galdera horien erantzunak berriz aztertzeko garaia da, mundu osoa aldatzen ari baita. Diseinua aspalditik kopuru handitan ekoitzitako produktuak sortzetik eta taxutzetik haratago joan da; prozesuak, sistemak, zerbitzuak eta elkartruke sozialak barne hartzen eta itxuratzen ditu. Afrikaren gainean darabilgun ikusmoldeak ere zabalagoa behar du. Zalantzarik gabe, gosetea, ustelkeria eta paisaia liluragarriak ez ezik, badago besterik Afrikan. Eta Afrikako diseinuak birziklapenaz, usadiozko artisautzaz eta diseinu humanitarioaz gain, beste gai interesgarriago batzuetaz ere arduratzen da.

Making Africa – Gaur egungo diseinuaren kontinentea modu berezian antolatu eta taxutu da: bi urtez, diseinuaren eremuan lan egiten duten Afrikako eta diasporako teorilari eta sortzaile ugari bildu ziren eta ideien laborategiak eta elkarrizketak egin zituzten. Tartean ziren izen handiko erakusketa-komisario, ikerlari, diseinatzaile, idazle eta arkitektoak, esaterako, Okwui Enwezor, Koyo Kouoh, Edgar Pieterse, Mugendi M’Rithaa eta Jim Chuchu. Afrikaren definizioa eta afrikarren berezitasunak aztertu zituzten, baita gai horiek haien lanerako garrantzia ote duten; afrikar diseinurik badagoen, eta, egotekotan, nolakoa den ikertu zuten; eta hainbat nozio berriz definitu zituzten, esaterako, zertan datzan birziklapena eta zer den informala. Horrez gain, kontinentea bertako sormen-lanetan islatuta ote dagoen, eta, hala bada, nola islatzen den arakatu zuten, baita diseinuak Afrikako etorkizunean zer leku duen ere. Ados egon ala ez, haien iritziak eta ikuspuntuak berritzaileak eta harrigarriak dira. Erakusketa hau haien Afrikan murgiltzeko aukera da.

Etorkizunean pentsatzea munduan daukazun aukeren inguruan pentsatzea da. Eta maiz esan dut afrikari dagokiola etorkizuna; antza denez, beste edonon jadanik gertatu baita.

Okwui Enwezor

"Etorkizunean pentsatzea munduan daukazun aukeren inguruan pentsatzea da. Eta maiz esan dut afrikari dagokiola etorkizuna; antza denez, beste edonon jadanik gertatu baita."